Bilboko Udalaren “euskara saria” jaso du Kafe Antzokiak

 Atala: Albisteak

Euskararen Nazioarteko Egunaren zuzuan, Bilboko Udalak Kafe Antzokia eta Itoiz musika taldea omendu ditu gaur udaletxeko arabiar aretoan antolatu duen ekitaldian. Bilboko Udalak “esker ona erakutsi gura izan dio Kafe Antzokiari, Gabriel Aresti euskaltegiaren bidez euskara bultzatzeko egin duen lanagatik; izan ere, Antzokia euskaraz jarduteko, euskara ikasten aurrera egiteko eta Bilbon euskal kultura sustatzeko bitarteko bilakatu da”,  udal webgunean argitaratu denez.

Kafe Antzokiaren izenean Mikel Urbeltzek hartu du hitza eta, omena eskertzeaz gain, Bilbon euskarak izan duen bilakaera, bere egungo egoera eta bere beharrizan eta erronkak irudikatu nahi izan ditu bost “argazki” edo une sinbolikoren bidez.

Ondoren, Mikel Urbeltzek irakurritako hitzak:

Alkate jauna, zinegotzi jaun-andreok, kultura arloko lagunok, kazetariok eta Kafe Antzokiko eta Zenbat Gara elkarteko lankideok, egun on eta eskerrik asko, honelako egun berezi eta seinalatu batean zuokin guztiokin Bilboko Udaletxearen areto eder honetan egoteko parada eskaintzeagatik.

Bilboko Udalak Kafe Antzokiari aitormen hau egin nahi izan diola eskertuz eta baliatuz, gure hiriak azken 120 urteetan euskararekin izan duen lotura azaldu nahi dugu bost argazkitan, bost flash laburretan, amaieran, iragan hori aintzat harturik, geroari begira dagoen proposamen bat egiteko asmoz.

Lehen argazkia: Bilbo beti euskalduna izan denekoa

Inork inoiz bestela ikusi nahi izan badu ere, Bilboko historia euskarari estuki lotua egon da beti. Horregatik, lehena ez da argazki bakarra, zuri-beltzezko argazki sorta oparoa baizik. Sorta horretan honakoak ikusten ditugu, besteak beste:

Euskara auzo hizkuntzak baino zaharragoa izanik, uste izatekoa da antzinatean Malmasin mendian bizi ziren lehen bilbotar haiek euskaraz hitz egiten zutela elkarren artean; gauza bera egiten zuten, noski, gure hiriaren leku eta bazter guztiei euskal izena eman zieten biztanleak; Erdi Aroan elkarrekin salerosketan aritzen ziren lapurtar eta bilbotar merkatariek gutunak euskaraz idazten zizkioten elkarri; eta Rafael Mikoleta bilbotarrak XVII. mendearen erdialdean Método breve de aprender la lengua vizcayna izeneko gramatika idatzi zuen, kanpotarrek euskara ikas zezaten. Labur beharrez, bego horretan datu zerrenda, nahiz eta andana luzea eman genezakeen, Bilbo betidanik euskalduna izan dela frogatzeko.

Bigarren argazkia: 1894, Bilbo erdaldundu zenekoa

Bigarren argazkian Bilbo eta euskararen arteko lotura noiz eta zergatik eten zen erakutsi nahi dugu. Historialariek behin eta berriro gogorarazi digutenez, XIX. mendearen azken laurdenak aldaketa bortitzak ekarri zizkion Euskal Herriari. Bilbon aldaketak are bortitzagoak izan ziren, foruen galerak ekarritako sistema politiko berri bati ez ezik, industrializazio prozesu azkar bati ere egin behar izan baitzion aurre.

Bilbo orain baino askoz txikiagoa zen orduan, artean Begoña, Deustu eta Abandoko elizateak bereganatu gabe zituelako. XIX. mendearen amaieran, 1894an, 30.000 biztanle inguru zituen gure hiriak, haietariko gehienak euskaldunak zirela. Alabaina, urte gutxiren buruan, goizetik arratsera bezala, orduko bilbotar euskaldunek euskaraz hitz egiteari utzi zioten, beren arima hilzorian utziz. Arrazoiak betikoak: irabazlearen legea, galtzailearen patua eta horrek berez dakarren gutxitasun konplexua. Menderen mendeetan jasandako erasoak Bilboko euskaldunen indarra ahulduz joan ziren eta garai hartan gurasoek beren seme-alabei euskaraz egiteari utzi zioten, era horretan hizkuntza ordezkapenari bide emanez.

Hirugarren argazkia: 1974, Bilbon euskara berpiztu zenekoa

Bilbon orain dela berrogei urte hiritar euskaldunak 18.000 baino ez ziren, eta kalean ez zen batere euskararik entzuten. Denok gogoan ditugun arrazoiak zirela kausa, euskara erabat desagertua zegoen bilbotarren eguneroko bizitzatik, baina, hala ere, haien gogo-bihotzetan euskararen sustratua iltzatua gelditu zen, eta askatasunerako zirrikitu batzuk agertu bezain laster, buru-belarri ekin zioten ikasteari, ikastolak eta euskaltegiak sortzeari eta beren seme-alabak B eta D ereduetan matrikulatzeari. Bilbotarrek beren borondate, denbora eta dirua erabiliz egindako ahalegin eskerga horietatik baino ezin da ulertu 40 urtean lehengo 18.000 hiztunetatik oraingo 143.000 hiztunetara pasatzea. Eta areago dena: multzo handi horretan ez dago bereizterik bertan jaiotako eta azken hamarkadetan nonbaitetik etorritako bilbotarren artean, bai batzuek eta bai besteek antzeko jarrerak agertu baitituzte, euskara berreskuratzeari eta euskaldun izateko borondateari dagokienez.

Laugarren argazkia: 1994, Kafe Antzokia sortu genuenekoa

Laugarren argazkiaren izenburuan euskaltegi eta Kafe Antzokia berbak ageri dira. Euskaltegi hitza Bilbon sortu zen, gainera. Hain zuzen ere, Gabriel Aresti euskaltegiko irakasleek duela hogei urte argi ikusi zuten hizkuntzaren ezagutza ez dela nahikoa beronen biziraupenerako. Hau da, arrainak ura behar duen bezala eta txoriak airea behar duen bezala, Bilboko euskaldun jendeak bere ingurunea eta harrotasuna berreskuratu behar zituela ohartu ziren. Haiei bizitzako funtzio guztiak euskaraz eskaini nahian, ausardia handiz Kafe Antzokia sortu zuten.

Hogei urte igarota, Kafe Antzokiak Bilboko hiritar guztien onarpena eta onespena jaso ditu, bai euskaldunena eta bai erdaldunena. Euskara eta euskal kultura hiriaren erdigunera ekarri ditu eta hainbat funtzio berreskuratu ditu haur, gazte eta nagusientzat. Dena mundu kooperatibo, zabal, inklusibo eta emankor batetik egina, jende guztiak dakielarik euskaldunak garela eta bertan euskara dela erreferentziazko hizkuntza.

Euskalduna harro eta etxean bezala sentitzen da Kafe Antzokian, eta bilbotar erdalduna ere gustura sentitzen da bertan, kontzertu bat entzuten nahiz Galiziako edo Andaluziako lagunari Bilbon euskarak duen erabilera anitzeko kulturgune berezi hau erakusten.

Dena den, ez dagokigu guri hemen Kafe Antzokiaren merezimenduak egitea, baina galdera xume bezain garrantzitsu hauek egingo genituzke, hala ere: zer ez da egiten Kafe Antzokian? Nork ez dauka lekurik bertan? Kafe Antzokia ez al da funtsean euskal komunitateari morala eta indarra ematen dion arnasgune bat?

Bosgarren argazkia: 2014, geroa berandu baino lehen prestatzen hasi behar denekoa

Beraz, erasoak eraso eta eragozpenak eragozpen, euskara bizirik iritsi da XXI. mendera eta, egia esan, ezagutzari dagokionez, Bilbon ez ditu hain zenbaki makalak erakusten, 79.000 euskaldunei beste 64.000 ia euskaldun erantsi behar baitzaizkie, 2011ko erroldaren arabera. Kontua da, hiztun kopurua hori izanagatik ere, zenbaki horiek ez dutela batere parekotasunik erabileraren aldetik, euskarak Bilboko kaleetan duen erabilera maila ez baita %4koa baino haragokoa.

Gauzak horrela, premia-premiazkoa da, erabat ezinbestekoa dugu, gainbehera hori zuzenduko duten neurriak berandu baino lehen hartzea, eta ez dirudi bertan goxo luzaroan itxaroten segitzeko astirik eta eskubiderik daukagunik.. Behin zuzendutakoan, noizbait kendu zigutena eta noizbait geure buruari kendu geniona geureganatuko dugu berriro, hots, euskaldun izatearen duintasuna eta harrotasuna.

Jakina, horretarako beharrezkoa da gure administrazio erakundeek eta herri ekimenetik sortutako taldeek, orain arte ez bezala, elkar harturik, hizkuntza politika serio eta eraginkorra abiaraztea, bakoitzari dagozkion eginkizunak ondo bereizirik eta zehazturik. Hizkuntzaren ezagutzari motibazioa eta erabilera gehitu behar zaizkiola dioen paradigmak zerikusia handia izango du, zalantzarik gabe, biziberritze horretan. Gaurgero nahitaezkoa gertatzen zaigu denoi erabaki konsziente eta koherenteek ekarriko duten inflesio puntua eta, horretan oinarrituta, Bilbon euskal esparru hegemonikoak eraikitzea, jakitun egonik, gure sortzaileek behin eta birritan esan dutenez, gure Bilbon euskararen aldetik egiten den aurrerapauso bakoitzak berehala efektu biderkatzailea daukala Euskal Herri osoan.

Hiri desegituratua daukagu Bilboko euskaldunok; ia dena daukagu egiteko. Bilboko euskaldunen egoera eznormal hau normalizatzen hasi behar dugu. Eta egite horretan, agian, hizkuntza ikastearen doakotasuna eskaintzen has gintezke, zeren eta, ondo pentsaturik, munduan nongo herritan ordaindu behar da nork bere hizkuntza ikasteagatik? Haur eta gazteen jolas eta aisialdi premiekin segi genezake, langabetuak, etorkin berriak eta enparauak ahaztu gabe. Eta abarren abarra, beharrak ase eta agortu arte.

Amaitzeko, berriz ere eskerrak eman nahi dizkiogu Bilboko Udalari Kafe Antzokiari eman dion sari honengatik. Pozgarri bezain pizgarri gertatzen zaigu aurretik daukagun bidea urratzen jarraitzeko. Hemendik gonbidapena egiten diogu Udalari berari eta gainerako erakunde eta taldeei, bide hori elkarrekin zabaltzeari ekin diezaiogun.

Antzinatik dakargu euskara Bilbon eta aurrera eraman nahi dugu, hurrengo belaunaldiek Malmasingo lehen bilbotar haien hizkuntza bera egiten segi dezaten. Horretara, gure iragan-geroak lotuko ditugu eta, areago dena, gure izateari eutsiko diogu.

Eskerrik asko.

Recommended Posts

Iruzkina idatzi ezazu

Envianos un mensaje

Envianos tu mensaje y trataremos de responderte en cuanto podamos.

Start typing and press Enter to search

bizkaiko kultur txartela