Kontrapas (Loraldia 2026)

Eguna/Ordua
2026/03/24
Asteartea
19:30
Ateak eta txarteldegia 19:00etan zabalduko dira.
Sarrera: 15 € + b.g (www.sarrerak.kafeantzokia.eus, www.loraldia.eus). Lorazainak: 12 €
literatura, musika, artea / 60 min
Mende erdia da kasik Beñat Etxeparek euskararen aldeko aldarria egin zuela, besteak beste Oskorrik eta Xabier Letek eskaini ziguten haren poemen oihartzuna, baina gaur egungo Euskal Herriak beste plaza bat dauka, beste testuinguru bat, eta oso bestelakoak dira aukerak, gorabeherak eta arazoak, eta oso bestelakoa izan behar da aldarria.
Kepa Altonagak bikain deskribatu zuen Euskal Herriak XIX. mende amaieran izan eta jasan zuen migrazio mingarria. Egoera larri haren ondorioz, Florencio Basalduak Euskal Berri bat sortu nahi izan zuen Argentinan, Sabino Aranak Afrikan edo Lezo Urreiztietak Mexikon, hemen zereginik ez zegoelako; baina gaur hemen bertan sortu beharra daukagu Euskal Herri berri bat, garaiari egokitua, kementsua, oraingoan gurera etorritako migratzaileekin koloretsuagoa.
Danserie Ensemble taldeak delikatezia handiz dakarkigu Etxepareren kantaita, Imanol Epeldek indarrez eta rap moldean gaurkotu digu haren deiadarra. Patxi Zubizarreta esker onez datorkigu lehengo eta oraingo euskaltzaleen ahalegina goraipatzera eta Mintxo Cemillanek, azkenik, gogotsu eskainiko dizkigu errealitate grisak beharrezko dituen etorkizuneko koloreak.
“Kontrapas” ekitaldiak gorazarre egin nahi die euskal kulturaren alde lan isil bezain ezinbestekoa egin duten sortzaileei, txikitasunaren bizipoza partekatu nahi du ikuslegoarekin, etsi gabe halako kalejira batean plazara irteten jarrai dezagun.




