Bilbo Hiria irratiko “Zientzialari” programaren 10. urteurrena ospatuz (Kutxa Beltza)

Bilbo Hiria irratiko "Zientzialari" programaren 10. urteurrena ospatuz (Kutxa Beltza)


Eguna/Ordua
2026/03/11
Asteazkena
18:30

 

Doako sarrera

 

 

Datorren asteazkenean, martxoaren 11n, Bilbo Hiria irratiak ZIENTZIALARI irratsaioaren jendaurreko emankizun berezia egingo du zuzenean, 18:30ean, Kafe Antzokian, irratsaioaren 10 urteak ospatzeko. EHUko Kultura Zientifikoko katedrak eta Zenbat Gara elkarteak 2015ean abiatu zuten elkarlanean zientzia dibulgazioa euskara hutsez egiten duen ekimena, saioaren hasierako lokuzioak dioen moduan, “zientzia gizarteratu eta haren balio, historia eta lorpen nagusiak hedatzeko” helburuarekin.

2015eko azaroan aireratu zen ZIENTZIALARI irratsaioaren lehendabiziko saioa, Xabier Monasteriok gidatu zuen hasierako urteetan eta, egun, Jabi Zabalak aurkezten du. Denbora honetan 140 zientzialari euskaldun igaro dira Bilboko irrati euskaldunaren mikrofonoetatik eta, asteazkenenean, saioaren ibilbidea gogoratzeaz gain, zientzialari bati elkarrizketa egingo diote, ohi bezala, baina entzuleen zuzeneko parte-hartzearekin. Saioak izan dituen bi aurkezleak izango dira bertan, Monasterio eta Zabala, egun EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria den  Iker Badiola biologoarekin. Badiola bera ZIENTZIALARIn egona da eta, hain zuzen ere,  2017ko CAF-Elhuyar saria irabazi zuen berak eta Xabier Monasteriok egindako Minbizia eta beronen metastasia goiburuko saioak.

Asteazkeneko saioan, bestalde, Cecilia Fernandez-Altonaga hizkuntzalaria izango da gonbidatutako zientzialaria, Euskara ikastea beste hizkuntza batzuk ikastea baino zailagoa da? gaiaren inguruan. Gai aproposa izango da hori asteazkeneko emanaldirako, izan ere, besteak beste, Gabriel Aresti euskaltegiko euskara ikasle batzuk izango ditu publikoan, galderak egiteko prest. Saioak 45 minutuko iraupena izango du eta zuzenean jarraitu ahal izango da Bilbo Hiria irratiaren irrati-seinalean (FM 96.0) zein zuzeneko streaming jarioan. Kafe Antzokiko Kutxa Beltza espazioan izango da, goiko solairuan, eta sarrera librea izango da, aforoa bete arte.

 

0
Envianos un mensaje

Envianos tu mensaje y trataremos de responderte en cuanto podamos.

Start typing and press Enter to search