kafe antzokia

K afe Antzokiak 1995eko abenduaren 15ean zabaldu zituen ateak, aintzina San Vicente zinema aretoa izandako lekuan. Erabateko zaharberritzearekin, besteak beste, jesarlekuak kendu eta erabilera anitzeko areto zabala bihurtu zen. Euskararen irakaskuntzan zebiltzan irakasle batzuen gogoetatik abiatu zen proiektua: Bilbon ikasleek ikasgelatik kanpo euskaraz aritzeko aukera falta nabaria zegoela eta ikasketa prozesuan aurrera egiteko beharrezkoa zutela euskaraz aisialdia eta harreman naturalak euskaraz eskainiko zizkieten une eta gune horiek.

Bestalde, Bilbon erreferentzia fisikorik gabe sakabanatuta zeuden milaka euskalduni euren hizkuntza naturaltasunez erabiltzeko topagunea eskaintzea zen xedea, bertan euskaldunzahar, euskaldunberri eta ikasleek bat egin eta hizkuntza komunitatea trinkotuko zuen erreferentzia hori eraikitzea. Beraz, asmo horrekin abiatu zen Kafe Antzokia, baina berau autofinantziazioaren bidetik bideragarria bihurtuko zuen ostalaritza proiektu batek lagunduta. Zentraltasuna bilatuz, Bilboren erdigunean kokatu zen proiektua.

Kafe Antzokian eguneko ordu guztietan egoten da jarduerarik, goizean goizetik hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte, bideo honetan ikus daitekeenez:

Urte hauetako jardunbidearen ondorioz erreferentzialtasun helburu horiek bete dira, Kafe Antzokia Bilboko zein kanpoko euskaldunontzat topagune ezagun eta irekia bilakatu baita. Bere jarduerak asko dira, egun eta orduaren arabera.

Zuzeneko musikari dagokionez, Bilboko eszenatoki nagusia da Kafe Antzokia. Euskal musikari gehienek jo dute Kafe Antzokian, baita atzerriko ehunka talde eta bakarlari ezagun ere. Bilbotik kanpo ezaguna da Kafe Antzokia, bere izaera bakana dela eta, artistek biziki estimatzen dute berton jotzea eta zaleak urrundik etorri ohi dira, bertoko programazio aberatsak erakarrita.

Kafe Antzokiko sukaldean egunero 200 bat lagunentzako bazkariak prestatzen dira. Menu orekatu eta gozoa prestatzen dute gure sukaldariek eta eguerdietan jantoki bilakatutako aretoko mahaiak beteta egon ohi dira. Bezperan artistek jardundako eszenatokian bertan ere bazkaltzen du jendeak eta horrek zerbait magikoa du, bakarra Bilbo osoan.

Asteburuetako gau-giroa ahaztu gabe: Kafe Antzokiko musika aukera anitzean tokia dute beste hainbat hizkuntza eta garaitako musika onek, orohar momentuko mainstream formulatik aldenduta. Baina euskal doinuek ere presentzia duina dute, inolako konplexurik gabe, Bilbon bakarra den musika aukera osatuz.

Kafe Antzokiari esker euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatuz joan dira Zenbat Gara elkartearen eskutik. Bilbon euskara hutsez emititzen duen Bilbo Hiria irratia Kafe Antzokiak lagundua da eta areto gainean ditu estudioak. Bilbo Handi osorako euskara hutsez emititzen duen irrati ez komertziala da Bilbo Hiria, programazio anitza eta interesgarria duena. Eraikin berean dago, halaber, Gabriel Aresti euskaltegiaren egoitza nagusia. Euskal Herriko euskaltegirik handiena ere Zenbat Gara elkartearen jardunari lotuta dago eta hainbat hitzaldi, tailer eta jai antolatzen ditu bertan.

Kafe Antzokian hainbat jarduera finko antolatu ohi ditu Zenbat Gara elkarteak:

  • Lagun Artean Kantari euskal kantagintza saioa egungo eta atzoko euskal kantak berreskuratuz lagun arteko giroan kantatzeko saio irekia.
  • Urbeltzen Dantza Ganbara, euskal dantzen saio ireki eta partehartzailea Juan Antonio Urbeltz folklorista ospetsuaren eskutik.
  • Kurkuluxetan Umegunea haurrentzako jarduera mordoa antolatzen duten ekimena da: igande arratseroko Olgetan haur jaia, Arte eszenikoen eskola (dantza eskola, musika eskola eta antzerki eskola) Ane Monna, Oskola eta Karramarroi antzerki taldea, haurrentzako CD eta DVD ekoizpenak, udako egonaldiak…

Eguneko edozein ordutan, beraz, mota ezberdinetako jarduerak aurkituko dituzu Kafe Antzokian. Bertatik bertara ezagutzea falta bazaizu, zatoz eta beso zabalik hartuko zaitugu. Ongi etorri euskararen hirira!

Envianos un mensaje

Envianos tu mensaje y trataremos de responderte en cuanto podamos.

Start typing and press Enter to search