KNEECAP filmaren emanaldia (Pantailaldia)

KNEECAP filmaren emanaldia (Pantailaldia)


Eguna/Ordua
2025/05/06
Asteartea
19:30

Doako sarrera aforoa bete arte. Ateak 19:30ean zabalduko dira.

Kneecap filma proiektatuko da 20:00etan, doan eta euskarazko azpidatziekin. Aurretik, 19:40ean hasita, Pantailaldia ekimenaren aurkezpena eta DYMXN rapero irlandarraren emanaldi laburra izango ditugu eta, ondoren, filma ikusi ahal izango da. Sarrera doan har daiteke sarrerak.kafeantzokia.eus webgunean eta Zenbat Gararen bulegoan.

Irish Film Instituterekin elkarlanean, eta Filmin banatzailearekin egindako truke akordioari esker, KNEECAP filmaren doako emanaldia izango dugu Kafe Antzokian, euskarazko azpidatziekin, Era berean, Pantailak Euskaraz ekimenaren Pantailaldia ariketa kolektiboaren abiapuntua izango da asteartean Zenbat Garak antolatutako emanaldia. Azpidatziak euskaratzea hainbat euskal internautek sareko auzolanean egindako lana izan da, azpitituluak.eus ekimenarekin koordinatuta.

Hau ez da irlanderaren alde gurean antolatutako ekimen bakarra, izan ere, Bilbon irlandera eskolak ematen dituen David Hendersonek, bere 20 inguru ikasleak eta Irlandera mintzapraktika kide dituen beste zenbaitek berriki irlanderaren aldeko Conradh na Gaeilge elkarte aitzindariaren Bilboko taldea osatu dute. Talde horretatik sortu zen filma euskaratzeko proposamena, euskal internautek gauzatu dutena.

Datozen egunoetan Alondegian irlandar filmen emanaldi sorta antolatu duen Irish Film Instituterekin elkarlana ere izan dugu, berak ekarriko baitu DYMXN raperoa, eta Filmin banatzailearekin egindako akordioari esker proiektatuko da Kneecap doan asteartean.

 

Irlanderaren berreskurapenaren aldeko hip hopa

Ipar Irlandan irlanderak pairatzen duen diglosiari modu irmo eta irudimentsuan aurre egitea erabakitzen duten hiru raperoren istorioa kontatzen du KNEECAP filmak. Rich Peppiatt zuzendari eta gidoilariak Belfasteko Kneecap taldearen istorioa kontatzen du film honetan. Komedia ganberroa eta autobiografikoa da, gai asko jorratzen dituena; batzuk, gainera, hurbilekoak egingo zaizkigu Euskal Herrian. Protagonistak Belfasteko hiru gazte dira, bi kaleko mutikoak dira eta bestea irlandera irakaslea eta musika sortzailea.

Iaz arrakasta handia izan zuen Sundance jaialdian eta aurten Oscar sarietarako hautagaien artean izan da, Irlanda ordezkatzen. Taldeak, eskenatokietan Palestinaren alde adierazitako jarrerak, nazioartean are eta oihartzun gehiago izatera eraman du.

Esan bezala, film emanaldiaren aurretik, DYMXN rap kantariaren emanaldi laburra izango dugu. sustraiak Dublinen eta Bilbon dituen rapero irlandarra da, eta bere musika letra zorrotzengatik eta erritmo itsaskorrengatik nabarmentzen da. Zaragozako freestyle eszenan hezia, A LETTER TO MYSELF mixtape-ak kritika sozialarekiko eta bere talentu narratiboarekiko konpromisoa erakusten du. Estilo paregabe eta benetakoarekin, egungo hip-hop eszenan agintzen duen artista gisa kokatzen da DYMXN.

Pantailaldiaren abiapuntua

Pantailak Euskaraz ekimenak sustaturik, aurten ere gure pantailak euskarazko edukiz gozatzeko Pantailaldia ekimena abian da. Bilboko Kafe Antzokiko proiekzioa izanen du aurtengo lehen ekitaldia, baina gerora norbanakoen euskarazko edukiak pantailetan kontsumitzeko gonbita eta gida jarri ditu sarean Pantailak euskaraz ekimenak berak. Ekimenean izena emanda, nork bere sare sozialetan #Pantailaldia traola erabiliz, euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko edo sortzeko orduan ditugun bizipenak eta zailtasunak sareetan eta komunikabideetan zabaltzera animatzen gaitu Pantailak Euskaraz ekimenak

Irlandan 80.000 irlandar hiztun daude, 6.000 Ipar Irlandan bizi dira eta horietako hiruk dena hankaz gora jarriko dute Kneecap izeneko rap hirukotea osatzen dutenean. Anarkikoak, basatiak eta edozertarako prest daudenak ama-hizkuntza salbatzeko. Hizkuntza, musika, drogak eta beste hainbat bitxikeria lantzen ditu film honek.

Kneecap Belfasteko hip hop hirukote baten istorioa da. Kaleko musika garaikidea, drogak, umorea, gaeliko eta Irlandako nortasuna dario filmari. Hizkuntzaren aldeko borroka bitxia egiten dute protagonistek. IRAren osteko belaunaldikoak dira, bere gaitz eta aldekotasun guztiekin. West Belfasteko istorio bat, XXI. mendean kokatua. Musika, drogak, pub irlandarrak eta zahar kutsua duen orori kritika gupidagabea.

.

0
Envianos un mensaje

Envianos tu mensaje y trataremos de responderte en cuanto podamos.

Start typing and press Enter to search

urbeltzen-dantza-ganbara